Emakumeen Konpromisoa eta Nazioz gaindiko Laguntza Humanitarioa

EMAKUMEEN MOBILIZAZIOA GERRA HANDIAK EZTANDA EGIN ONDOREN

Emakumeak gerretan modu batera edo bestera beti egon baziren ere, XX. mendera arte izandako parte-hartzea apartekoa eta ikusezina izan zen. Lehen Mundu Gerratik aurrera izan zen aurrekaririk gabeko emakumeen mobilizazio handia.

Etxeko eremutik kanpo jarduera bat garatu zuten emakumeek hiru esparru nagusitan egin zuten: lehenik eta behin, atzeguardian izan zuten partehartzea sektore ekonomiko ezberdinetan (nekazaritza, industria, garraioa, banka, merkataritza, telekomunikazioak, irakaskuntza, etab.). Bigarrenik, laguntza-lanaren zabalkundean, hots, tradizioz etxeko eremuarekin, osasun-arloarekin eta laguntza humanitarioarekin lotuta zegoena, zauritutako soldaduei eta babesgabetasun-egoeran zeuden eta beren biziraupenerako laguntza behar zuten pertsonei lagunduz. Hirugarrenik, zenbait herrialdetan gerra-fronteetan era askotako erantzukizunak izateko aukera ere eman zitzaien emakumeei.

Hiru emakume Londresko kale batean harrikatz-mundruna zabaltzen. Argazkia: Horace Nicholls. [S.F. CA 1916]. © IWM (Q30876)

Osasunaren alorrean, emakumeak erizain eta mediku gisa eta kirurgian ere nabarmendu ziren, esate baterako Elsie Inglis eta Frances Ivens. Aipatu beharrekoa da nazioz gaindiko mobilizazioa egon zela eta Australiako, Kanadako, Zeelanda Berriko eta beste leku batzuetako osasun langile asko heldu zirela Europara. Etorritakoak, hainbat erakundetan kokatu ziren, eta herrialde desberdinetako nazionalekin batera lan egin zuten atzeguardiako ospitaleetan, kanpainako ospitaleetan, baita anbulantzia medikalizatuetan ere, hala nola Scottish Women ‘s Hospitals for Foreign Service erakundea (SWH), herrialde aliatuetan zerbitzu medikuak eskeintzen zituena.

Operazio bat Endell Streeteko ospitale militarrean. Francis Dodd margolariaren obra, 1920. ©IWM (ART 4084)

Irudian agertzen direnak Garret, Murray eta Buckley zirujauak dira.
Francis Dodden lan honek Endell Street ospitale militarrean egindako operazio bat erreproduzitzen du. Ospitale hori Londresen zegoen, emakumeek osatzen eta zuzentzen zuten oso-osorik, eta zauritutako militarrak artatzeko eraiki zen. Ospitaleak 1915eko maiatza eta 1919ko abendua bitartean funtzionatu zuen. Emakume zirujauek 7.000 ebakuntza baino gehiago egin zituzten eta 26.000 gaixo baino gehiago artatu zituzten.

Women ‘s Army Auxiliary Corps (1917-1921) edo Queen Mary’ s Army Auxiliary Corps izenez ere ezagutzen zena, britainiar armadako emakumezkoen kidego laguntzailea izan zen. Osasun zerbitzuak, sukaldaritza eta zerbitzari lanak eta abar betetzeko izena eman zuten emakumezkoen bolondres taldea izan zen. First Aid Nursing Yeomany, Voluntary Aid Detachment, Queen Alexandra ‘s Imperial Military Nursing Service eta American Women’ s Hospital bezalako beste erakunde batzuk ere aipa zitezkeen.

Women ‘s Army Auxiliary Corps-en errekrutatzeko kartela (WAAC). [s.f. ca. 1917]. ©IWM (ART PST 13171)

Ezin dira aipatu gabe utzi Friends Ambulance Units bezalako erakunde kuakeroetan boluntario izateko izena eman zuten emakumeak, erizain lanetan aritu zirenak Gurutze Gorria bezalako erakunde nazional desberdinetan edo Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordean (CIRC). Gerra garaian, CIRC-ak eraldaketa sakona jasan zuen Gerrako Presoen Nazioarteko Agentzia sortu zenean. Bertan 3.000 pertsona inguruk lan egin zuen, horietatik bi heren emakumeak.

Frantziako Gurutze Gorriko erizainak. Bain News Service-en argazkia. [1914 -1915]. ©LOC  (LC-DIG-ggbain-17067)

Gerrako Presoen Nazioarteko Agentzia. Fitxategi britainiarra. ©ACICR(V-P-HIST-00581-24)

1914an Europako emakume gehienek gerraren alde egin zuten. Feministen zati batek etxeko eremutik ateratzeko aukera izango zela uste zuen eta gizonek libre uzten zituzten zereginetan hasteko. Boto eskubidearen aldeko aldarrikapenak ere bertan behera geratu ziren errealitate berri honen aurrean.

Hala ere, nahiz eta herrialde gerrazaleetako gizarteetan jarrera bakezaleak antiabertzaletasunarekin lotzen ziren, emakume batzuek oso modu aktiboan egin zuten gerraren aurka. Horren adibidea 1915eko apirilaren 28an Hagan inauguratu zen Emakumeen Nazioarteko Biltzarra izan zen.

Jane Addams (ezkerretik bigarrena) eta beste ordezkari batzuk Hagara eramango zituen itsasontziaren bizkarrean, bertan ospatuko baitzen Emakumeen Nazioarteko Kongresua. [1915]. ©LOC George Grantham Bain Collection

ETXERA ITZULTZEA ETA ESKUBIDEAK LORTU ARTEKO GARAIA

1919an, gerrak suntsitutako Europak ondorio demografiko, ekonomiko eta geopolitiko izugarriei aurre egin behar izan zien. Gerran hildako milioika soldadu eta zibilei, zauritutako eta mutilatutako soldaduak eta izurrite eta goseteen ondorioz hil ziren zibilak gehitu behar izan zitzaizkien. Beldurgarrienak, zalantzarik gabe, 1918ko gripe pandemia eta 1921-1922ko Errusiako gosetea izan ziren.

Horrez gain, lau inperioren lur-jotzearen ondorioz (errusiarra, austrohungariarra, alemaniarra eta turkiarra) euren jatorrizko lekuetako biztanleriaren joan-etorri izugarriak kontutan hartu behar dira; baita gerrako preso militar zein zibilen aberriratzeak ere.

“Gripeaz” (pandemia) babesteko maskara duen erizaina, 1918ko irailaren 13an. © NARA (MD. 165-WW-269B-5)

 

Gaizki deituriko “Espainiako epidemia” Estatu Batuetan sortu zen eta soldaduek Europara ekarri zuten 1918ko udaberrian. 50 milioi pertsona baino gehiago hil zirela uste da.

Hilerria, Étaples (Frantzia). Egilea: Oliva Edis argazkilaria, 1919). ©IWM (Q8027)

 

Hilerria, Étaples (Frantzia). Egilea: John Lavery, 1919.

Gerra garaian hildako soldaduak lurperatzeko Frantzian sortu ziren hainbat hilerrietako bat erakusten da ondoko artelanean. Kasu honetan soldadu britainiarrena. 1919an oraindik Women’s Army Auxiliary Corps erakundeko emakumezko langileek zaintzen zuten Commonwealtheko Gerrako Hilobien Batzordearen enkarguz. Behean, hilerri bera argazkian.

 

Egoera berri horien ondorioz, laguntza humanitarioko erakundeek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea esaterako, erakunde arteko eta nazioz gaindiko laguntza-erakunde desberdinekin benetako lankidetza ezarri behar izan zuten. Aldi berean, gerraosteko lehen urte horietan populazioek zituzten larrialdi larriei erantzuteko beste batzuk sortu ziren. Eremu honetan kokatzen da Save the Children Fund eta Nazioarteko Zerbitzu Zibilaren (SCI) jatorria.

Save the Children Fund 1919ko maiatzean sortu zen, Eglantyne eta Dorothy Jebben ekimenez, haur alemaniar eta austrohungariarrei laguntzeko asmoz. Erresuma Batuko prentsak gaitzetsi egin zuen, garaileen eta “etsaien” haurren artean bereizketarik ez zuelako egiten. SCI berriz, 1920an sortu zen Suitzan, Pierre Ceresole ingeniari suitzarraren inguruan elkarretaratu zen talde bakezale baten ekimenez.

Eglantyne Jebb haurren eskubideen eta ongizatearen alde borrokatu zen. © Snowbound. Cortesía de/Courtesy of Save the Children. Madrid

“Funtsezkoa da haurrak babesteko
nazioarteko erakunde boteretsu bat
garatzea, munduko izkinarik
urrunenera iristeko
gai izango dena”

 

EGLANTYNE JEB

Esnes-ko argazkia (Frantzia), SCIren lehen lan kanpamentua. SCIko boluntarioek eraikitako etxolak bereizten dira, herriaren suntsiketa oraindik agerikoa den arren. Ca. 1921. SCI Archives (The first workcamp of Service Civil International 1920 – Archives Documentation)

Gerra Handiak emakume guztiak batera etxeko eremutik kanpo ateratzea ekarri zuen, baina gatazka amaitu bezain laster, gobernuek eta alderdi politikoek presioa egin zuten, edo zuzenean etxera itzultzera behartu zituzten. Horrela, euren lanpostuak utzi zituzten, berriro ere gizonek bete ahal izateko. Hala eta guztiz ere, gerrak euren ikuspegia zabaldu zuen eta hurrengo urteetan pixkanaka-pixkanaka nabaritzen hasi ziren aldaketa sakonak eragin zituen.

Emakumeek gerran egin zuten lan handiaren esker ona adierazteko, herrialde gerrazaleetako batzuk botoa emateko eskubidea onartu zieten 1918 eta 1921 artean, kasuan kasuko murrizketekin. Beste herrialde batzuetan Bigarren Mundu Gerra amaitu arte itxaron behar izan zuten, Frantziak esaterako, 1944an onartu zuelako.

Sufragistek XIX. mendearen erdialdeaz geroztik hainbeste borrokatu zuten boto-eskubide hori, konkista garrantzitsua izan zen, baina benetan iraultzailea izan zena zera izan zen: emakumeen portaeran, janzteko moduan, sexu-harremanetan edo ohituretan ageriko bihurtzen hasi ziren aldaketak; baita emakumeen presentzia motela, baina jarraitua, leku publiko eta lantokietan.

Zentzu honetan, 1914ko Gerrak Historian, lehen aldiz, “gizarte misto” baterako bidea ireki zuen, non gizonak eta emakumeak libreki ibili eta erlazionatzen ziren. Aurrerapen geldoa izan zen, baina geldiezina.

Lan Ministerioaren kanpaina. Britainia Handia, 1919. Litografia. © IWM (PST 5475).

EMAKUME BOLUNTARIOAK LAGUNTZA HUMANITARIOA EMATEN ESPAINIAKO GERRA ZIBILEAN [1936-1939]

1936-1939ko Gerra Zibila ez da ulertzen Espainiako politika eta gizartearen barne gatazka bezala soilik hartzen bada. XX. mendeko lehen hereneko Europako historiaren testuinguruan kokatu behar da. Honi esker ulertuko baita, hasieratik, nazioarteko gobernu eta iritzi publikoarentzat konfrontazio ideologikoko eremu bihurtzea.

Lehen Mundu Gerran gertatu zen bezala, aitak, senarrak eta nebak gerra-ahaleginerako mobilizatu zituztenean, emakumeek familia sostengatu eta biziraupena ziurtatu behar izan zituzten, eta, aldi berean, gizonek jarduera ekonomikoaren esparru guztietan libre utzi zituzten lanpostuak bete zituzten.

Gerrako produkzioan lanean diharduten emakumeak, 1937ko apirilaren 28a, © BNE (Liburutegi Digital Hispanikoa, GC-Caja 58/6 18r/1)

Etxeko eta lan-esparruko lan bikoitz horretaz gain, emakumeek makina bat laguntza-lan egin zuten atzeguardian: elikagaiak bilatu zituzten herritar babesgabeentzat, elikagaiak hornitzeko biltegietan lagundu zuten, baita umezurztegietan, jantoki kolektiboetan, arropategietan eta joste-lantegietan ere. Horrez gain, ospitaleetako osasun-laguntza eta Mediterraneo kostako kolonietara edo atzerrira eramaten zituzten haurren laguntzaile edo andereño modura bete zuten emakumeek euren eginkizuna.

Haurrak aterpeetan Bartzelonan. © BNE (Biblioteca Digital Hispánica, GC-Caja 47/5/39)

Hasiera batean, errepublikanoen eremuan, gerrari herri-iraultza izaera eman zitzaion eta horren ondorioz, gizonekin berdintasunezko harremanak sustatzearen alde zeuden konprometitutako eta adoretutako emakumeek, borrokan zuzenean parte hartzeko sortu ziren borondatezko batailoietan eta milizia-kidegoetan sartu ziren lehen egunetatik.

Miliziana bat frontean. © BNE (Biblioteca Digital Hispánica, GC-Caja 114/12/2)

Gerra Zibilak nazioarteko emakume boluntarioen etorrera bultzatu zuen. Emakume horiek munduko bazter guztietatik zetozen, eta mediku, erizain, anbulantzia-gidari, osasun-laguntzaile, gerra-berriemaile, argazkilari eta beste hainbat lanetan aritu ziren. Batzuk brigadistak ziren, beste batzuk bakezaleak eta neutralak, eta asko laguntza humanitarioko erakundeei lotuta zeuden. Gehienak Errepublikaren alde egiteko etorri ziren, baina matxinatuen alde egin zuten emakumeak ere izan ziren.

Salaria Kea erizain afroamerikarraren argazkia. Egile ezezaguna, aurkitu gabea. © NYU (Tamiment Library & Robert F. Wagner Labor Archives, ALBA.PHOTO.015)

Gatazkan zehar laguntza humanitarioa eman zuten erakundeei zegokienez, batzuk neutralak izan ziren eta bi aldeetan lagundu zuten, hala nola Nazioarteko Zerbitzu Zibila (SCI), britainiar eta amerikar kuakeroak (Friends Service Committee eta American Friends Service Committee), Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea (Espainiako Gurutze Gorria Espainiaren kasuan) eta Save the Children Fund. Beste batzuek errepublikanoen alderdiarekin bakarrik lan egin zuten, adibidez, Nazioarteko sorospen gorria (Socorro Rojo Internacional) (SRI), Nazioarteko elkartasun antifaxista (Solidaridad Internacional Antifascista) (SIA) eta hirugarren batzuk, aldiz, matxinatuen bandoarekin egin zuten lan bakarrik, esate baterako, Mercedes Sanz-Bachiller Izquierdok sortutako Auxilio Social, edo María Rosa Urraca Pastor militante karlistak zuzendutako Socorro Blanco.

Lagundu! Espainiako Gurutze Gorriari, bere lan humanitarioan. Egilea: Mezquita. Espainiako Gurutze Gorriak argitaratutako kartela. Rivadeneyra inprimategia, S.A. Madril (Circa 1936-1939) © CDMH (PS-CARTELES, 2194)

Francesca Wilson kuakeroak Murtzian bultzatutako josteko tailerretako bat, 1937. © AFSC

Elkarte humanitarioetako boluntario asko emakume bereziak izan ziren, adibide gisa Elisabeth Eidenbenz aipa dezakegu, 1938ko hasieran SCIko boluntario modura Espainiara bidaiatu zuen irakasle suitzarra. Madrilen eta Burjassoten (Valentzia) egin zuen lan. 1939ko hasieran Suitzara itzuli zen, baina hilabete horren amaieran berriro Frantziako barneratze-eremuetan haurdun zeuden emakume erbesteratu espainiarrei laguntzeko eskatu zioten. Hauxe izan zen, 1944ko apirila arte funtzionatu zuen Elnaren Amaetxearen jatorria; bertan 22 nazionalitate desberdinetako 600 haur baino gehiago jaio ziren.

Elizabeth Eidenbenz Elnaren Amaetxean. (Circa 1940-1943) ©  Maternité Suisse d’Elne (Elisabeth Eidenbenz/Association D.A.M.E.-Descendants et Amis de la Maternité d’Elne)

GERRAN ETA GUDU-ZELAI HUMANITARIOETAN BIGARREN MUNDU GERRAN [1939-1945]

Hogei urte eskasetan, Bake iraunkorrerako desioa nahastu egin zen eta 1914koa baino mundu mailako gerra latz, bortitz eta hilgarriagoa piztu zen. Nazioen Elkartea eta Bake Akordioak etorkizun lasaia ziurtatzeko diseinatu zituzten arren, ezin izan zuten ezer bermatu.

Hitlerren politika espantsionistak eta bere kontinenteko nagusitasun nahiak, Frantziak eta Ingalaterrak Alemaniari gerra deklaratzea ekarri zuen 1939ko irailaren 3an, alemaniarrek Polonia inbaditu ondoren. Gerra hau planetaren bazter guztietara zabaldu zen, eta aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa eragin zuen. 

Gerra gatazkan parte hartzen zuten herrialdeetan emakumeak mobilizatzeko propaganda-kanpaina handiak egin ziren berriz ere. Kanpaina horien erantzuna handia izan zen, eta, emakumeak, beste behin, funtsezko elementu bihurtu ziren, bai familia-nukleoko buru gisa, bai jarduera ekonomikoko sektoreetan edota baita osasun-arloan, mediku, zirujau, erizain, anbulantzia-gidari… lanetan.

Egun bat familiako ama baten bizitzan, 1941eko urtarrila. José Smeetsen marrazkia. © MUNAÉ (1979.09289.29)

Bigarren Mundu Gerran, emakume gehiago sartu ziren indar armatuetan aurrez aurre borrokatzeko, erreserbista modura edo laguntza-unitateetan lan egiteko.

Liudmila Pavlichenko, sobietar frankotiratzailea, bi ordezkarirekin Washington D. C.-n. Jack Delanoren argazkia, 1942. © LOC (2017835891)

Emakumeak nahitaezkoak izan ziren biztanleria zibilaren ebakuazio-lanetan, batez ere etengabe aire bonbardaketak jasaten zituzten hiri handietatik landa eremu seguruagoetara egiten ziren ebakuazioetan. Gainera, hiri eta herrietan guzti honetaz arduratzen ziren: elikagaiak hornitzea eta banatzea, kantinak eta arropategiak zaintzea, kontsultategietan eta ospitaleetan mediku-arreta ematea, hezkuntza-jarduerak… laburbilduz, “Frontearen” eta “barne-frontearen” lerroak desitxuratzen zituen gerra totalaren izugarrikerien erdian bizirik irautea berma zezakeen edozertaz arduratzen ziren.

Defentsa zibila. Emakumeak behar dira ebakuazio-zerbitzurako. Zure udalean nahiz Emakumeen Borondatezko Zerbitzuen edozein adarretan eskain itzazu zure zerbitzuak © IWM (Pst 15092)

Emakume batzuek jazarritako eta gerrak desplazatutako taldeen egoera arindu zuten, bai banaka, bai erakunde humanitarioen bitartez. Beren bizitzak agerian jarri zituzten beste batzuenak salbatzeko, nahiz eta euren erakundeen jarraibideen aurka jardutea eskatzen zuen. Erakunde horiek, kasu batzuetan, erregimen naziak egindako jazarpenen aurrean neutraltasun-jarrera hartu zuten.

Bigarren Mundu Gerran gertatu zen gertakari latzenetako bat juduen eta beste gizatalde batzuen kontra naziek burutu zuten jazarpena eta sarraskia izan ziren. Gizon, emakume eta haurrei giza duintasun guztia kendu zieten; esperimentuetan erabili zituzten, torturatu egin zituzten, kolpeka hil edo gaseatu.

Lau preso judu Gurseko “Ilot L” iragaitzazko eremuan zeuden alanbre-hesien atzean. Alice Resch-Synnestvedtek ezkutuan ateratako argazkia. Ca. 1942-1943. © USHMM. Hanna Meyer-Mosesek eskeinia (78704).

Gerra garaian eta gerra amaitu ondoren, Europako herrialdeek biztanleria zibilaren lekualdatze masiboaren arazoari aurre egin behar izan zioten. Arazo honi irtenbidea emateko, 1943ko azaroaren 9an, 44 naziotako gobernuek nazioarteko erakunde bat sortzea erabaki zuten, laguntza banaketa koordinatzeko, batez ere elikagaiena eta botikena, eta euren jatorrizko lekuetatik alde egindako pertsonen egoera larria arintzeko. Sortutako erakundea United Nations Relief and Rehabilitation Administration (UNRRA) izan zen. Bere sorrera mugarri bat izan zen laguntza humanitarioaren historian.

UNRRA-ren “elikagaien eskuadroi hegalariak”. Berrogeigarren hamarkada © UN Archives (S-1167-0009-00001)

Gerra Handiaren amaieran gertatu zen bezala, 1945ean emakume gehienek etxera itzuli behar izan zuten, eta gizonekiko zuten mendeko ohiko papera hartu behar izan zuten. Gerra garaian egin zuten aparteko lanaren esker ona oso berandu iritsi da.

Bigarren Mundu Gerran emakumeen ekarpenari eskainitako Oroipen-monumentua. Whitehall-en dago, Londres erdian. Diseinuaren egilea John Mills da. Gerra-ahaleginean parte hartu zuten 17 emakume irudikatzen dira, urte haietan erabili zituzten uniforme eta laneko arropekin. Inaugurazio ekitaldian, 2005eko uztailaren 9an, emakumeek pilotatzen zituzten bost helikoptero militarrek hiriaren erdigunetik hegan egin zuten.

BAKERAKO TRANTSIZIO ZAILA

1945ean amaitu zen ordura arte gizateriak ezagutu zuen gerrarik basatiena eta ankerrena, baina bere amaierak ez zuen bakerik ekarri jendearen bihotzetara. 1946an, zinemaren industria berrezarri bezain laster Alemanian estreinatu zen filmeko protagonistetako bat parafraseatuz: hiltzailea geure artean dago (Die Mörder sind unter uns).

Moralki eta fisikoki suntsitutako gizarte hauek, nazien sarraski-esparruetan gertatutako izugarrikeriei aurre egin behar izan zieten; borrokan zebiltzaten bandoek gupidagabe eta bereizi gabeko aire-bonbardaketetan pilaka egindako zibilen hilketei ere aurpegia eman behar izan zieten. Eta, amaieran, azken ankerkeria honi aurre egin beharra zegoen: gerraren azken bi hilabeteetan japoniar hiriak bonba su-eragilez suntsitu zituzten B-29 bonbardatzaile estatubatuarrek bi bonba atomiko jaurti zituzten babesgabeko hirietan, bat Hiroshiman abuztuaren 6an eta beste bat Nagasakin abuztuaren 9an.

Bonba atomikotik bizirik atera zen biktima baten larru errea, 1945. – © Nara (519686)

Gerran 70 bat milioi zibil eta borrokalari inguru hil ziren. Horri elbarri eta mutilatuta geratu ziren milioika pertsonak, 10 milioi umezurtz baino gehiago eta lekualdatutako milioika pertsonak gehitu behar zaizkio: zibilak, desmobilizatutako soldaduak, iheslariak, askatutako gerrako presoak. Beren “aberrira” itzultzen saiatu ziren guztiak, zegoen lekuan zegoelarik.

Gerraren biktimak Napoliko kobazulo batean, [1945]© UN Archives (UNRRA 1038, S-1058-0001-01-00071)

Biztanleriaren lekualdatzea, gerraosteko ezaugarririk bereizgarriena izan zen. Pertsona askok ez zuten nora joanik, eta beste batzuentzat jatorrizko lekuetara itzultzea zigorra izan zen.

Alemaniar errefuxiatuak mendebalderantz mugitzen 1945ean. Egile ezezaguna. © Bundesarchiv (Bild 146-1985-021-09)

Behartutako edo nahi gabeko aberriratze asko izan ziren. Horien artean, japoniar armada inperialeko militarrek herrialde okupatuetan ezarritako putetxeetan prostituitzera behartuak izan ziren emakumeak (Txinakoak, Koreakoak, Japoniakoak, Filipinarrak, eta abar). Sexu-esklaboak ziren emakume hauen kopurua aldatu egiten da, hala ere, 200.000 baino gehiago izan ziren 1938-1945 urteen aldian. Beste hainbat ankerkerirekin gertatu zen bezala, gerra ostean, isilean gorde zen gertaera hau, harik eta Kim Hak-Soon korearra comfort women-en (kontsolamendurako emakumeak) istorio umiliagarria kontatzera ausartu zen arte 1991n.

2011ko abenduan Seulgo (Hego Korea) enbaxada japoniarraren aurrean eraikitako comfort women baten brontzezko estatua

Gizarte baketsuetara iragatea ez zen erraza izan. Gizartea eta ekonomia berreraikitzeko prozesua hain izan zen handia ezen ezin zela gerraosteko beste garai batzuekin alderatu. Hasieran, emakumeek lortu zituzten aurrerapenak oso mugatuak izan ziren. Berriz ere etxera itzuli behar izan zuten, nahiz eta kasu askotan etxerik izan ez. Familiak apurtuta zeuden, kide asko hilda edo desagertuta zeuden, eta soldadu askorentzat etxera itzultzea eta bizitza zibilera egokitzea esperientzia gogorra izan zen.

Alderdi Laborista britaniarraren eztabaida-taldeentzat prestatutako liburuxka, Royal Commission of Equal Pay erakundearen txostenari erantzunez. 1946. ©  TUC Library Collections

Europako eta Asiako herrialdeetan gerrak sare sozial eta ekonomikoa suntsitu zuen eta aldaketa sakonak eragin zituen haien kultura politikoetan. Ikuspuntu ekonomikotik begiratuta, gizarte amerikarra bakarrik atera zen gerraren onuradun. Estatu Batuak munduko potentzia bihurtu zen eta indar hori beste herrialde batzuetan zuen boterea eta kontrola sendotzeko erabili zuen. 1947ko ekainaren 5ean, George C. Marshall Estatu idazkariak hitzaldi bat eman zuen, eta bertatik sortu zen Europa mendebala berreraikitzeko “Ekonomia Berreskuratzeko Programa”, “Marshall Plana” delakoa.

Laguntza horrek, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, lan-aukera asko sortu zituen, eta emakumeak ere aukera horietaz baliatu ziren. Aldi berean, sexuen arteko harremanetan eraldaketak gertatzen ari ziren; baita sexuek eremu pribatuan eta publikoan zuten eginkizunean ere.

Aurrerapenak nabarmenak izan ziren arren, aldaketak beti dira hauskorrak, eta krisi egoera berriek edozein unetan atzerakadak eragin ditzazkete. Hezkuntzak eta pentsamoldeen epe luzeko bilakaerak bakarrik finkatu ahal izango dituzte Historian zehar hainbeste emakumek borrokatu dituzten betebehar eta eskubideak.