Haurtzaroa Europako Gerretan

HAURRAK LEHEN MUNDU GERRAN

Lehen Mundu Gerraren eztandak iraganaren haustura ekarri zuen: politika nagusiekin eta ordena monarkiko eta inperial zaharrarekin. Haren garapenak ere Europako gatazka belikoen historian aldaketa garrantzitsua ekarri zuen.

Biztanleria zibila gerrako helburu gisa erabiltzeak, milioika europar zibilen lekualdatzea eragin zuen eta inoiz ezagatu gabeko eragina izan zuen haurren bizitzan.

Lurraldeen inbasio eta okupazioak, hirien bonbardaketek eta arrazoi etniko eta erlijiosoek eragindako deportazioak, 10 bat milioi pertsona lekualdatzea eragin zuten, batzuk mugak zeharkatuz eta beste batzuk barneko mugimenduan.

Gerraren ondorioak paratzen zituzten zibilen aldeko postala (1915). NWWIMM (2005.98.363)

Lekualdatutako pertsonek askotariko tratua jaso zuten herrialdeen arabera: asistentzia-maila desberdinak lortzetik kontzentrazio-esparruetan barneratzera. Alemanian zeuden Holzminden, Rastatt eta Havelberg bezalako kontzentrazio esparruetan edo Herbehereetako Gouda, Nunspeet eta Bergen op Zoom-en borrokalariak euren familiekin batera konfinatu zituzten.

Turkiako tropen sarraskitik ihes egin edo bizirik atera ziren armeniarrek eta asiriarrek gerra garaian desplazamendu zibila jasan zuten kasurik muturrekoena erakusten dute, 600.000 eta milioi bat pertsona artean hil zirelako egoera honen ondorioz.

Belgikako errefuxiatuak Bergen Op Zoom eremuan (1914 eta 1915 artean).LOC (LC-B2-3459-12 [P & P])

Ume poloniarrak Holzminden (Alemania). ACICR (V-P_HIST-03085-25)

Soldaduekin ez bezala, ez zegoen biztanleria zibila babesten zuen nazioarteko hitzarmenik, bereziki umezurtzak, haur abandonatuak edo ikuskatu gabeak babesten zituenak. Haur hauek hiriak bete zituzten eta, neurri handi batean, desnutrizio arazoak eta tifusa bezalako gaixotasunak zituzten.

Kuakeroen Friends War Victims Relief Committee bezalako erakunde humanitarioak biktima errugabeen eta borrokalari ez zirenen ordezkari bihurtu ziren, eta, horrela, haurrei laguntzeko ideia humanitarioa gatazkan zeuden eremu guztietara zabaldu zen.

America Committee for Relief in the Near East (Ethel Bettsbains, 1918) diru-bilketa kanpaina. © LOC (Prints and Photographs Division Washington, D.C. LC-USZC4-1343)

Janaria eta aterpea emateko egin ziren lehen laguntza ekintzak tokiko agintarien, gobernu zentralen, Gurutze Gorria eta American Committee for Armenian and Syrian Relief bezalako karitatezko eta gobernuz kanpoko erakundeen esku geratu ziren, 1915ean turkiarren biktima ziren armeniarrei laguntzeko sortua eta 1919an Near East Relief bezala berrizendatua.

“Bonbardatutako herrialde batean. Ama eta haurra gas-maskarekin “. 1918. La BnF (département Estampes et photographie, EI-13 (585))

Belgika bezalako herrialdeen okupazioak (1914), britainiar itsas blokeoak (1914-1919), janari-ekoizpenaren urritasunak eta estatu ezberdinek egindako janari arrazionamendu-estrategiek gosete-arazoa eragin zuten, haurrei bereziki eragin ziena.

Alemanian, Sukalde Publikoak ezarri zituzten gerra garaiko elikadura sistemaren parte bezala, beste eskualde batzuetan, ordea, Herbert Hoover buru zuen Commission for Relief in Belgium (1914-19) bezalako erakundeek alemaniar lurralde okupatuan zeuden belgikar eta frantziarrei zuzendutako nazioarteko elikadura programa bat gauzatu zuten.

Gerrako umezurtzak kalean jaten (1915). La BnF (département Estampes et photographie, EI-13 (471))

Desnutrizioak eragindako osasun arazoen irismenak arazo politiko kutsua hartu zuen, gosetearen eta blokeoaren aurkako protestak eta martxak eraginez, Fight the Famine mugimendua kasu, gosearen aurkako borroka nazioarteko sorospen kausa bihurtuz.

Women ‘s International League-ren publizitatea itsas-blokeoa hausteko (SCF/sc/dB/2).

Eglantyne Jebb britainiarrak blokeoaren aurka protesta egin zuen Erdialdeko Europan honelako panfletoak banatuz. 1919ko maiatzean, Save the Children Fund sortu zuen eta Haurren Eskubideen Adierazpena bultzatu zuen.

DIPLOMAZIA HUMANITARIOA GERRAOSTEAN

Haurrak gerraosteko gizarteen arazo handienetako bat izan ziren, lekualdaketa geografikoek eta malnutrizio-, umezurztasun- eta abandonu-egoeren ondorioz bizitoki egokiak, hezkuntza eta zainketa medikoak eskuratzeko zailtasunak baitzituzten.

1919. urtearen hasieran, haurren ongizatea lehentasuna bihurtu zen nazioarteko agendan: hezkuntza-estandarrak ezartzea, haien eskubideak zehaztea, umezurtz eta errefuxiatuak babestea, haurren lan-baldintzak arautzea edo haien salerosketa saihestea; horiek izan ziren jorratu ziren gai garrantzitsuenetako batzuk.

Umeen osasuna aberriaren boterea da. Haurren urtea (1918ko apirila-1919ko apirila) © LOC (LC-USZC4-9867)

Eremu humanitarioan nazioarteko lankidetzak gerra saiesten lagun zezakeela pentsatzeak, eragin zuen, beste faktore batzuen artean, Nazioen Elkartearen sorrera. Gerrarte garaiko internazionalismoaren azpiegituraren elementu nagusi bihurtu zen erakunde hau. Estatuetako ordezkariek eta erakunde pribatu humanitarioek osatzen zutenez, azken hauek nazioarteko harremanen esparruan sartzea ahalbidetu zuen.

American Society for Relief of French War Orphans-en propaganda, Frantziako haurren aitabitxi edo amabitxi izateko gogoa pizten © NWWIMM (1976.315.42)

Gosea eta abandonatutako haurren gorputzak gerraren eta gerraostearen ondorio negatiboen ikur bihurtu ziren. Argazkiak nazioz gaindiko mobilizaziorako eta elkartasun-ekintzetarako deia egiteko elementu garrantzitsu bihurtu ziren. Haurren sufrimendua ikusarazteaz gain, argazkiek ongileen erreskate ekintzak erakustea ahalbidetu zuten.

Fridtjof Nansenek Errusiako Gosetearen (1921-1923) ondorioz errefuxiatutako haurrei egindako argazkia. © ACICR (V-P-HIST-02590-20A)

Goseak gorputzean eragindako ondorioak erakusten zituzten haur biluzien irudiek krisi humanitarioari aurre egiteko baliabideak lortzeko eta kontzientziatzeko balio izan zuten.

Gurutze Gorriaren dohaintzekin jantzitako haur talde bat Magyarország hirian (Hungaria) (1920 inguru). HNM (2137/1954 fk)

Haurren auziak esanahi berri eta sinbolikoa hartu zuen Mendebaldeko zibilizazioaren etorkizunerako: gerraren eta haren ondorioen biktima errugabeen ikono bihurtu ziren, baina biata nazioen berreraikuntza fisikorako eta bakerako hezkuntza-ekimenetan islatu zen adiskidetze-prozesurako lehentasuna ere.

“Haurrak ez zaitezte gerran jolastu. Gurasoak… seme-alabak bizi daitezela nahi baduzue, prestatu armagabetze moralerako, baztertu jostailu militarrak “(1931-1939) © BnF (département Estampes et photographie, ent QB-1 (1931-1939) -ROUL). Bakearen aldeko Nazioarteko Borrokalarien Ligak egindako publizitate-kanpaina.

1924ko irailean, Nazioen Ligako Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Haurren Eskubideen Adierazpena, Genevako Adierazpena deitua, eta Child Welfare Committeea sortu zen, International Save the Children Union (ISCU) eta International Association for the Promotion of Child Welfare (IAPCW) aholkulari lanetan zeudelarik.

Horrek, haurrentzako gizarte-lanaren hasiera eragin zuen, nazioarteko harremanen auzi ofizial gisa.

Ideia berriak Ameriketatik. “Alex”, St. Étiennen lan egiten zuen umea, erakusketan agertzen zen jolas-parkearen eredua buru belarri aztertzen. American Red Cross Child Welfare Exhibition St. Étiennen (1918ko uztaila, Lewis Hine). © LOC (Prints and Photographs Division, LC-A6199- 3327).

ARA bezalako erakundeek, haurrei laguntza emateaz gain, haurrei balio amerikarrak helarazteko misioa ezarri zuten.

ESPAINIAKO GERRA ZIBILA:

JOAN-ETORRIAK, EBAKUAZIOAK ETA ERBESTEA

Espainiako Gerra Zibila Europako gatazka nagusia izan zen gerrarte garaian, kontinentearen krisi sakonaren adierazpena eta baita Bigarren Mundu Gerraren atarikoa.

“Erabateko gerraren” adibidea, bi bando antagonikoek baliabide material eta giza baliabide guztiak mobilizatu zituzten etsaiaren porrota eta fronteko garaipena lortzeko. Egoera honek, ondorio larriak izan zituen gizarte zibilean, batez ere emakumeen eta haurren kolektiboetan.

“Nik, egun batean, gerra garaian, Donostian ikusi nuen bonbardaketa bat marraztu dut”. Angeles Benito (neska), Donostiarra, 14 urte. Baionako haur-kolonia, Frantzia © BNE (Dib/19/1/873)

Gerra hasi zenetik, emakumeek eta haurrek, elikagaien gabezia, gaixotasunak eta higiene-baldintza txarrak lagun izan zituzten. Gainera, bonbardaketek eta matxinatuen aurrerapenak, adingabeak Levante eta Kataluniako kostaldera eta atzerrira ebakuatzea eragin zuten, gerraren izugarrikerietatik babesteko. 32.000tik gora “gerrako haurrek” babesa aurkitu zuten Frantzian, Belgikan, Ingalaterran, SESBen, Suitzan eta Mexikon.

Haurrak Frantziara ebakuatzen. “Marrazki honetan Gijonen Frantziara etortzeko egin genuen ebakuazioa ikusten da”. Rosita Corral (neskatila), 12 urte, Santanderrekoa, Baionako haurren kolonia, (Frantzia). © BNE (Dib/19/1/844)

Errepublikaren porrotaren ondoren, hauetako haur batzuk Espainiara aberriratu zituzten; beste batzuei berriz, harrera-herrialdeko egonaldia luzatu egin zieten, bizitza osorako batzuei, batez ere Mexikora (“Moreliako haurrak”) eta SESBera (“Errusiako haurrak”) ebakuatu zituztenekin gertatu zen bezala. 

Espainiako Gerra Zibila nazioartean oihartzun handia eta iritzi publikoan sekulako eragina izan zuen gatazka izan zen. Gatazkak elkartasun-erreakzioak eragin zituen hasieratik, faxismoaren eta demokraziaren arteko gudu-zelai bihurtuz. Elkartasun horren adierazpenik garrantzitsuenetako bat hainbat erakundek biztanleria zibilari emandako laguntza humanitarioa izan zen, haurrei arreta berezia eskainiz.

Espainia hegoaldeko haurrei kuakeroek emandako laguntza © AFSC

Espainiako ekintza humanitarioa makina bat erakundek garatu zuten; horietako batzuk alde bietako haurrei lagundu zieten: Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea (CICR); Save the Children Fund; Nazioarteko Zerbitzu Zibila; Haurren Nazioarteko Sorospen Batasuna (UISE); edo britainiar eta amerikar kuakeroak: Friends Service Committee eta American Friends Service Committee.

Espainiako demokraziak piztu zuen nazioarteko elkartasunak, laguntza izugarria ekarri zuen, errepublikanoen lurraldean jardun zuten erakundeen sare handi batek osatua: Nazioarteko Socorro Rojo-a (Nazioarteko Laguntza Gorria); Coordination et Information pour l’Aide à l’Espagne Républicaine Nazioarteko Batzordearen laguntza-sare frentepopulista eta Espainiako umeei laguntza emateko Suitzar komitea, Suitzako ongintza, erlijio eta bake elkarteek osatua.

Socorro Rojo Internacionalaren haurrentzako udalekuak. © CDMH (PS-CARTELES,509)

Erakunde horien laguntza humanitarioa elikagaiak, farmazia eta garbitasun produktuak, sendagaiak eta arropa bidaltzea eta banatzea izan zen. Laguntza medikoa, zaintza eta haur-hezkuntzan ere lagundu zuten. Haurrak ebakuatzea, udalekuen, etxeen eta haur-jantokien sarea ezartzea eta ospitaleak kudeatzea izan ziren funtsezko beste lan batzuk.

Errepublikari lagundu zioten erakundeen multzoak ez bezala, matxinatuen eremuan Gizarte sorospenak jardun zuen, erregimenaren laguntza eta propaganda erakundea. Haurrei emandako laguntza honela gauzatu zen: atseden-koloniak, anaitasun-sukaldeak, haur-jantokiak eta janari-banaketa sortu zituen. Gurutze Gorriak eta SCIk ere laguntza eman zuten, beste erakunde batzuen artean, baina militarrek eta babesa ematen zietenek mesfidantzaz begiratzen zieten.

Gizarte-laguntzako jangela bat. © BNE (GC-CAJA/60/14/3)

1939ko hasieran errepublikanoen berehalako porrotak beste krisi humanitario bat eragin zuen, 500.000 pertsona inguruk Frantziara ihes egin zuelako. Kuakeroak bezalako erakundeek, erbesteratuei lagundu zieten, eta Frantziako barneratze esparruetan laguntza eman zieten, Suitzako sorospenak eta Haurtzaroko Nazioarteko Bulegoak, egin zuten bezala, besteak beste.

Emakumeak eta haurrak Frantziako mugan, 1939. © Arch. CEGESSOMA (56035)

GERRA, BARNERATZEA, ERBESTERATZEA, SARRASKIA

Europa jo zuen Bigarren Mundu Gerra historiako gatazkarik handiena izan zen, aurrekaririk gabekoa izugarrikeriei eta ankerkeriei dagokienez, zibilen eta borrokalarien artean 70 milioi hildakorekin amaitu baitzen.

Ezbeharrak jasan zituzten haurrak Polonian (1939-1945). © ACICR (V-P-HIST-01351)

Borrokek, aireko bonbardaketek eta armada beligeranteen aurrerapenek milioika pertsonen exodoa suposatu zuten. Pertsona hauek beraien etxeetatik alde egin behar izan zuten, goseari, beldurrari, familia-banaketari edo heriotzari aurre eginez. Gerra-fronteen aurrerapenak egoera humanitario dramatikoa ekarri zuen, haur eta nerabeengan ondorio larriak eraginez.

Produktuen eskasiak, okupatzailearen errekisizioek eta potentzia beligeranteek, bereziki britainiarrek, ezarritako blokeo ekonomikoek laguntza humanitarioa iristea baldintzatu zuten batzuetan.

Laguntza honek gehien kaltetutako zibilentzat salgaiak igarotzea ahalbidetu zuen, greziar biztanleentzat eta Frantzia hegoaldeko esparruetan barneratutakoentzat adibidez.

Janari banaketa Atenaseko haur kantina batean, Suitzako Gurutze Gorriaren misiopean Grezian (1942). ©ACICR (V-P-HIST-02514-02)

Erakunde humanitarioak haurren egoera arintzen saiatu ziren, laguntza intelektual eta moralak emanez, liburuak eta jostailuak oparituz. Frontetik urrun zeuden eremuetara atera zituzten ume batzuk eta beste batzuk Suitzara eraman zituzten. Amaetxeak, udalekuak eta haur-etxeak, babesean hartzeak eta familia-harrerak, eta produktuen hornikuntza ere ezarri zituzten.

Kuakeroek haur eta errefuxiatuei emandako laguntzagatik eskerrak emateko haur batek egindako marrazkia Frantzia hegoaldean.(1942). ©AFSC

Haurren patua gerrak markatu zuen, baita Holokaustoak ere (erregimen naziak Bigarren Mundu Gerran sei milioi judu hil zituen). Horietatik milioi bat ume deportatu zituzten eta Auschwitz-Birkenau, Sobibor, Treblinka, Majdanek eta Chelmnoko sarraski-esparruetan hil ziren. Era berean, milaka adingabe ijitu hil zituzten eta ezintasun fisiko eta mentalak zituzten haur alemaniarrak ere (5.000 eta 7.000 artean). Ume poloniar eta errusiarrak ere, batzuetan, euren gurasoekin batera fusilatu zituzten.

Emakumeak eta haurrak Auschwitz-Birkenauko sarraski-esparruko hautaketa-aldapan (1944ko maiatza). Gehienak hil egin zituzten ©USHMM (77320)

Judua markatu zuten.
Erdian, irakurtzeko moduan
Judua markatu zuten.
Zazpi urtetako nire bihotzaren gainean

 

Albert Pesses, Le Badge

Erakunde batzuk askatze operazioak egin zituzten, hala nola Kindertransport zeritzona, hau da, Alemania, Austria, Txekoslovakia eta Poloniako 10.000 haur Britainia Handira lekualdatzea (1938-1939), Alemaniako Umeak Zaintzeko Mugimenduaren babespean. American Jewish Joint Distribution Committee and Refugee Aid eta American Friends Service Committee taldeek milaka juduri Europatik irtetzen lagundu zieten.

Kuakeroak Frantzia hegoaldeko esparruetan egindako sorospen lanengatik ere nabarmendu ziren. Jangelak ezarri zituzten eta haiek zituzten haur-etxeetan salbu jartzeko esparruetatik atera zituzten haurrak. Œuvre de Secours aux Enfants bezalako beste erakunde batzuek Frantziako eremu libreko haur-etxeetan edo etxe independenteetan ezkutatu zituzten haurrak.

Rivesaltes esparruan barneratutako haurrak, Haurrentzako Laguntza barrakoiaren aurrean, bazkariaren zain (1941-1942). ©USHMM (32285)

Elkartasunak eta giza bizitzarekiko errespetuak erreskate-misio indibidualak egitera bultzatu zituzten Europako hainbat herrialdetan. Adibidez, Hungarian, milaka juduk herrialde neutralen babes-baimenak lortu zituzten atzerriko diplomatikoei esker. Hauek deportazioak geldiarazi zituzten eta etxe “seguruak” sortu zituzten babes diplomatikopean jarriz. Horretan ere lagundu zuen Friedrich Bornek, CICRko ordezkariak, ia 8.000 haurrentzako 60 haur-etxe sortuz.

“Kristalezko etxea”: Budapest-en zegoen suitzar enbaxada, 1944. ©AfZ (105735) 

Juduen auzia dela eta isildutako mundu batean, 17.000tik gora pertsona: politikari, diplomatiko, humanitario, apaiz, partisano eta beste zibil batzuek arrisku handiko baldintzetan ahalik eta bizitza gehien salbatzen saiatu ziren. Beraien balio eta gizatasunagatik “Zuzenak nazioen artean” titulua eman zieten; eta erakunde kuakeroei Bakearen Nobel Saria, haurtzaroari gerra gatazketan emandako laguntzagatik.

HAURRAK HONDAMENDI-EGOERAN DAGOEN EUROPAREN TESTUINGURUAN

UNRRA (United Nations Relief and Rehabilitation Administration, 1943-1947) eta bere ondorengoa, IRO (International Refugee Organization, 1947-1951) laguntza operazioak zuzentzeaz, errefuxiatu-esparruak antolatzeaz eta gerra osteko erbesteratuen itzuleraz arduratzen ziren gobernu arteko erakundeak izan ziren. Bere ikuskaritzapean erakunde pribatu ezberdinak kokatu ziren, American Joint Distribution Committee bezalako erakunde juduak izan ezik.

Behin jantzita eta osasuntsu, haur hauek UNRRAko beste esparru batetara eraman zituzten.(Italia, 1945-6). © UN Archives (S-0800-0002-0018-00011)

UNRRAk Europan zeuden 6.000.000 pertsona ingururen ostatuaz, elikaduraz, jantziez eta aberriratzeaz arduratu zen. Horien artean, haurren taldea honela banatzen zen: senideren batekin zeudenak, Lekualdatuen Esparruetan barneratuak beren nazionalitatearen arabera, eta bakarrik zeudenak, 22.000 gutxienez, Haurren Zentroetan jasoak. 343.000 haur baino gehiago galduta zeuden. Bere identifikazioak eta aberriratzeak eztabaida diplomatikoak sortu zituen.

Daviden Izarra osatzen duen haur taldea, Oeuvre de Secours aux Enfants-ek Frantzian mantentzen zuen haurrentzako etxe batean (Walter Limot/Photo Limot (Walter Limot/ Photo Limot, entre 1945 – 1950) © USHMM (71198)

OSE Frantzian haur juduei laguntzeko zegoen erakunde garrantzitsuena zen. 2.000 haurrentzako 25 etxe izan zituen eta harrera etxeetan eta erakunde katolikoetan zeuden haur juduak jaso zituen.

Lehen helburua, askapenaren ondoren, haurrak eta haien familiak jatorrizko herrialdeetara aberriratzea izan zen. Adin txikikoen arazoa agerian geratu zen operazio honen ondorioz. Adingabe askok ez zuen dokumentaziorik. Bidaiderik gabeko haurren taldeari, harrera-familietan integratuta zeudenak gehitu zitzaizkien, haien jatorrizko familia eta herrialdeei buruzko urruneko oroitzapenak baino ez zituztenak, baita ama hizkuntza ezagutzen ez zutenak ere. Gainera, erregimen naziak 20.000 eta 50.000 haur artean germanizatu egin zituen gerra garaian, haurren izenak aldatuz eta euren jaiotza-agiriak suntsituz, jatorria berreskuratzeko zailtasunak areagotuz.

Nork daki non? Naziek Frantzian bahitu zituzten hainbat nazionalitatetako 100.000 haurren bila gabiltza. © Bundesarchiv (Plak 004-007-016 (1945-49)

Antolaketa-zailtasunei haurren egoera fisiko zein mentala gehitu zitzaien. Batez ere sorospen lanetan hasi ziren gizarte-langile iparramerikar eta britainiarrek, haur horietako askok guraso-aginpiderik ez zutela ezagutu adierazi zuten, taldeetan bizi zirela, biziraupenaren legeen menpean eta “Ume otso” bezala definitu zituzten.

Napoliko (Italia) kobazuloetako biztanleak ©UN Archive (S-0800-0002-0015-00016)

IRO-k “ume” kategoria hamazazpi urtetik beherakoetan ezarri zuen. Lekualdatuen Esparruetan egon ziren haurrak, nerabeak ziren gehienak, naziek lan egiteko gai ez zirenak hil egin baitzituen. Nerabeek beren adinari buruz gezurra esan zezaketen, adibidez nahitaezko aberriratzea saihesteko. Erakunde humanitarioak errehabilitazio moral eta psikologikoan oinarritu ziren, haien adinak birkokatzea edo egokitzea zaildu zuelako. Harrerako zenbait herrialdek, Suitza eta Suedia esate baterako, 12 urtetik beherako haurrei soilik eskaini zieten aldi baterako asiloa.

Lapurren gordelekua metroan (Berlin) © Bundesarchiv (Bild 183-S83920)

UNRRA eta agintari militarrak Nazio Batuen haurrak zeritzotenen ardura hartu zuten. Alemaniako haurrak, “etsai nazionaltzat” jotzen zituzten eta beraz, euren erantzukizunetik kanpo geratu ziren.

Gerraostean, internazionalismoak, gobernuz kanpoko erakunde berrien eztanda ekarri zuen, horietako asko izaera konfesionalekoak, protestanteekin lotutako erakunde hauek bezala: Church World Service edo Lutheran World Relief. Bi hauek aurretiaz eratuta zeudenekin bat egiten zuten: Catholic Relief Service, Unitarian Service Committee, American Friends Service Committee edo American Joint Distribution Committee. 1951n, Nazio Batuek nazioarteko 188 erakunde humanitario aintzatetsi zituen.

Salonikatik gertu zegoen baserri-eskola amerikarra, Friends Relief Service delakoak 14 eta 16 urte bitarteko neskentzat antolatua (Grezia, 1944-1948). © Un Archives (UNRRA/3036, S-0800-0004-0004-00076)

Haurren errehabilitazioa eta zaintza hainbat kontzepturen inguruan ezarri ziren, hala nola haurraren garapen psikologikoa bere komunitatearen testuinguruan, jatorria eta familia norbanakoaren identitate-iturri modura ezarriz, haurren beharrak balioetsiz adinaren, nazioaren, erlijioaren eta generoaren arabera.