Historiatik memoriara
GERTAKARIAK, ISILTASUNA ETA SUSPERRALDIA
GERNIKA
Joanna Bourkek idatzi zuen bezala, “populazio zibilean triskantza eragiteko abiazioak zuen boterearen lehen erakustaldi handia Gernikako bonbardaketarekin gertatu zen”.
(La Segunda Guerra Mundial. Una historia de las víctimas. Barcelona, Ediciones Paidós Ibérica, 2002, p. 29).

Mercedes Comellas Ricarten marrazkia, 13 ¿urte?. Cerbèreko Zentru Espainolaren kolonia (¿1937-1938?). © BNE (Dib/19/1/881)
Argazkiaren atzealdean:
“Eszena honek bonbardaketa bat
irudikatzen du non babeslekutik
ukabila altxatuta duten pertsonak
hegazkinetakoak madarikatzen
dituzten”.
1937ko martxoaren amaieran, Emilio Mola jeneralak, Iparraldeko Armadaren buruak, Bizkaiaren aurkako kanpaina hasi zuen, non herrialdeko burdin, ikatz, altzairu eta industria kimikoen ekoizpen gehiena biltzen zen.
Euskadiren kontrako erasoaldia martxoaren 31n hasi zen, eta egun horretan bertan bonbardatu zuten Durango Aviazione Legionariak eta Alemaniako Condor legioaren hegazkinek. “Alfonbran egindako bonbardaketa” jasan zuen biztanleria ireki eta babesgabeak; besteak beste, 1936ko azaroan Madrilgo biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketan eta 1937ko otsailean Malagako errepidetik Almeriarantz ihesi zihoazen errefuxiatu zibilen zutabean izan zuen aurrekaria.
Tropa frankistek Bilbora aurrera egiten jarraitu zuten eta hiri hori blokeatzearekin jarraitu zuen kanpainak; hiri horren kontrola funtsezkoa zen bere kokapen estrategikoagatik, arma fabrikengatik eta industria astunagatik. 1937ko ekainean hartu zuten Bilbo.
Apirilaren 20an hasi zen berriro Bizkaiko erasoaldia. Hil horren 26an, Alemaniako eta Italiako hegazkinek Gernikaren kontrako etengabeko bonbardaketa egin zuten; gertuen zegoen fronte-lerrotik 15 kilometrora zegoen herria. Errefuxiatu, ospitaleetako gaixo eta ihesi zihoazen soldaduez gain, Gernikak 5.630 biztanle zituen. Hiri irekia zen, aireko edo lurreko defentsarik gabekoa.

Guernica, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ondoren © CDBG-FMPG
Suak inguratu zuen herriaren erdigunea, ez ordea Juntetxea, Andra Mari Eliza eta erdigunetik urrun zeuden haritz zaharraren errestoak eta zuhaitz berria. Kanpoaldean zeuden hiru arma fabrikek ere ez zuten kalterik izan, aireko agintariek hala erabaki zutelako. Lantegietako batean, hiriaren aurka jaurti zirenen antzeko su-bonbak egiten ziren; eta hori, gerra orok berekin dakarren atxikiriko basakeriaren paradoxa baino ez da.
Bonbardaketaren ondorioz hil zirenen kopurua zehaztea oso zaila da. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 1.654 pertsona hil ziren.
Erasoak berehalako oihartzuna izan zuen nazioartean, eta propaganda modura erabili zuten borrokan zeuden talde biek. Urte askotan zehar bere motibazioak eta erantzukizunak oso eztabaidatuak izan dira eta historialariek gertaera horren interpretazio diferenteak eman dituzte.
Gernikako bonbardaketa gerra modernoaren izugarrikerien ikur bihurtu zen. Gerra moderno honek abiazioa erabili zuen biztanleria zibila sarraskitzeko eta baita frontean borrokan ari zen etsai militarra psikologikoki desmoralizatzeko.

“Bonbardaketa”. Carlos García haurraren marrazkia, 9 urte. Puebla Larga-ko familia-kolonia (Valentzia) (s.f. 1937-1938). © BNE (Dib/19/1/724)
Bonbardaketa horrek, halaber, haurrak atzeguardiako gune seguruetako kolonietara edo atzerrira eramateko prozesua bizkortu zuen; Errepublikako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta nazioko eta nazioarteko laguntza humanitarioko erakundeen laguntzarekin egin zen.


North Stoneham (Britainia Handia) hiriko kanpamentuan zegoen euskal neskatila talde baten argazkia, aurrealdea eta atzealdea. (s.f. 1937). © BNE (GC Carp/228/1/14/3)
Picassoren “Guernica” koadroa, “erabateko gerra”k dakarren sarraskiaren isla bihurtu zen. Espainiako Errepublikak eskuratu zuen 1937an, urte horretako ekainean egin zen Parisko Nazioarteko Erakusketako Espainiako Pabiloian ikusgai jartzeko. Pintura, gerra guztien aurkako alegatua, XX. mendeko artearen ikono bihurtu da mundu mailan.

“Guernica” 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketako Espainiako Pabiloian ikusgai. Koadroaren aurrean, Alexander Calder-en eskultura mugikor bat, “Almadén” izenekoa. Calder Pabiloian lan bat zuen artista ez espainiar bakarra izan zen © MNCARS
1998an, Gernika-Lumoko Udalak, aurrez-aurre zeukan Epaitegiak eta Posta eta Telegrafoak barnean hartzen zituen eraikina Gernika Museoa bihurtzea erabaki zuen.
2003an, Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa bezala ireki zituen ateak, bakearen kultura zabaltzeko eta munduan giza eskubideak defendatzen laguntzeko helburuekin; baita Espainiako Gerra Zibilaren memoria ezagutarazi eta babesteko eta, bereziki, 1936ko uztailetik 1937ko abuztura bitartean 1.000 bonbardaketa-operazio baino gehiago jasan zituen Euskadiko Gerra Zibila ezagutarazteko.

Gernikako Bakearen Museoaren kanpoaldeko argazkia © FMPG
TEREZINEKO GHETTOA
Terezin hirian, sufrimendu eta heriotza handieneko iragaitzazko esparru eta ghettoak ezarri zituzten Alemaniako agintariek, Bohemia-Moraviako juduentzat lehenik, eta Europako beste herrialde batzuetako juduentzat, ondoren.
1941ean gertatu zen, Bigarren Mundu Gerran Alemania naziak ezarritako sarraski eta politika antisemitaren garaian, Reicharen etsaientzat ghettoak, kontzentrazio eta heriotza esparruak sortu ziren, arraza, etnia, erlijio, politika, genetika edo herritartasun irizpideetan oinarrituta.
1945era arte, Terezingo ghettotik igaro ziren 155.000 inguru gizon, emakume eta haurretatik 35.000 bat hil ziren gosea, pilaketak, gaixotasunak eta exekuzioak zirela-eta. 88.000 inguru, berriz, Riga, Varsovia eta Minskeko ghettoetara deportatu zituzten, baita Ekialdeko Europa okupatuan zeuden beste leku batzuetara ere, besteak beste, Auschwitz, Treblinka eta Majdaneko sarraski-eremuetara.

Charlotta Burešová, Garrioa, Terezín (1943-1945) © PT (585)
3.800 inguru baino ez ziren itzuli. Beste batzuk, Petr Ginz gazte txekiarraren kasuan bezala, beren lanen bidez biziraun zuten, tragedia indibidual eta kolektiboen lekukotasun biziak:
“Urtebetez zulo beldurgarri batean harrapatuta egon naiz;
zuen edertasunaren ordez, kale gutxi batzuk besterik ez ditut.
Kaiola batean sartutako animalia basati bat bezala,
zutaz oroitzen naiz, Praga, maitagarrien ipuina harrian.”
Petr Ginz, Diario de Praga (1941-1942)
Ghettoaren baldintza latzetan, heldu, ingeniari, grafiko, zientzialari, intelektual eta artista asko bizirauten, itxaropena gordetzen eta euren jakintza lantzen eta transmititzen saiatu ziren. Ghettoak kultura eta hezkuntza jarduerak bultzatu zituen, 4.387 marrazki egin zituzten eta egileen bizitza etenari eusten dioten haurrei ere zuzenduta.

Pavel Fantl, Ipuin-ordua. Akuarela kartoi mehearen gainean, Terezín (1942-1943). ©YVå
1944an, Terezinen barneratuta zeudenak nazien kontzentrazio-sisteman ordura arte inoiz gertatu gabeko jazoera baten lekuko eta protagonista izan ziren. Maurice Rossel doktoreak, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko (CICR) ordezkariak, ghettoa bisitatu zuen. Bigarren Mundu Gerran erakunde humanitario batek lortu zuen lehen bisita baimendua izan zen.

Haurrak Terezingo ghetto “paradisiakoan” (1944). Maurice Rossel © ACICR (V-P-HIST-01160-32).
Horretarako, juduek tratu “humanitarioa” jasotzen zuten “kokaleku judu” autonomo modura aurkeztu zuten ghettoa eta Hirugarren Reicha Europan egiten ari zen ankerkeriak ezkutatzeko paper garrantzitsua bete zuen nazien propagandan. Bisitaren ondoren, Rosselek bere txostena egin zuen, eta bertan ghettoaren egoera orokorrean ona zela adierazi zuen, “bizitza ia normala zuen hiria” zela aipatuz.
Alemaniak gerra galdu aurretik, CICR-ek Terezineko ghettoa bisitatu zuen berriro 1945eko apirilean. Ekintza zehatz batzuk egin arren, juduen eta Bigarren Mundu Gerran jazarritako beste talde batzuen alde egindako lana porrota izan zen.
1945eko maiatzean ghettoa askatu ondoren, Txekiar Laguntza-Ekintzak bizirik atera ziren 30.000 pertsonei eta gerraren azken egunetan iritsitako beste preso batzuei lagundu zien, nagusiki Buchenwald eta Gross-Rosen esparruetakoei.

Txekiar Laguntza-Ekintza, Terezín, 1945. © PT (394, A 40/77)
1947an Sufrimentu Nazionalaren Memoriala sortu zen Terezingo Gotorleku Txikian, Bigarren Mundu Gerran Gestapoko presondegia izan zena. Geroago, Terezingo Memoriala izendatu zuten, Txekiako lurraldearen okupazioan memoria gordetzeko eta nazien arraza eta politika jazarpenen biktimak gogoratzeko tokia.

Ghettoaren Museoa. Terezingo haurren parkea © PT
LA MAISON D’IZIEU

Brégnier-Cordoneko monumentua. Behe-erliebeak John Donneren XVII. gogoetaren zati bat erreproduzitzen du. © MI
“Gizateriaren aurkako krimenak
ez dira preskribatzen”
Sabine Zlatin
Izieuk izan behar duenaren ideia adierazi nahi dut hasieratik:
· Gizateriaren aurkako krimenen salaketa sinbolizatuko duen lekua
· Ideologia fanatikoen aurkako erresistentzia [sinbolizatzen duen lekua], krimen horiek sortzen dituzten erregimenen aurkako borrokarako bide bakarra
· Memorial edo museo soil bat baino gehiago, John Donnen hitzek transmititzen dituzten sentimenduekin borrokatzen direnen gune sortzailea izan behar du etxe honek
Sabine Zlatin: Mémoires de la “Dame d’Izieu”. Éditions Gallimard, 1992, 95.
1943ko apirilean, Belleyko prefektuak, Sabine eta Miron Zlatini, euren ardurapean zuten haur judutar talde txikiarekin, Lélinaz herrixkan (Izieun) zegoen eta oporretako kolonia bezala erabiltzen zen etxe batera joatea proposatu zien. Garai hartan herrixka Italiako armadak okupatzen zuen.
Hala, Maison d ‘Izieuk 1943ko ekainaren hasieratik 1944ko uztailaren 6ra arte “Colonie d’enfants réfugiés de l’Hérault” hartu zuen bere eraikinean.

Koloniako haur eta helduak urmaelaren ondoan, 1943ko abuztua. © MI-Colección Henry Alexander
Baina zer dela eta bihurtu ziren Zlatin senar-emazteak koloniako haurren babesle?

Sabine eta Miron Zlatin 1927an. © MI -Colección Herederos de Sabine Zlatin
Gerra garaian, Sabinek, Gurutze Gorriko erizainak, OEuvre de Secours aux enfants (OSE) erakundearekin gizarte-laguntzaile bezala bate egin zuen, eta Agde eta Rivesaltes esparruak bisitatzeko baimena lortu zuen. Bertan emakumeak eta haurrak pilatzen ziren, gizonengandik bananduta. Horietako batzuk juduak ziren.
OSE haur juduak esparruetatik ateratzen saiatzen zen, eta zituen etxeetara eramaten zituen edo familia kristauetan sartzen zituen. Alemaniarrek demarkazio-linea gainditu eta Frantzia hegoaldea okupatu zutenean, 1942ko amaieran, OSEk bere etxeak ixten joan behar izan zuen.
Orduantxe eskatu zion Montpellierreko prefeturak Sabineri, Gurutze Gorriko erizaina zenez, Campestren bakarrik zeuden 17 haur juduen ardura hartzeko. Secours Nationalaren laguntzarekin, Zlatin senar-emazteak Chambéryra iritsi ziren haurrekin eta Belleyko suprefetarekin harremanetan jarri ziren.
1943ko ekainean haurrak Izieun kokatu zituzten.
Koloniatik ehun adintxiki inguru igaro ziren. Helburua harrera egingo zieten familiak edo erakundeak bilatzea zen edo Suitzara pasatzen saiatzea.

Koloniako haur eta heldu taldea etxe aurrean, 1943ko udan. Haur gehienak Auschwitzen hil ziren.© MI Sabine Zlatin oinordekoen bilduma
1943ko martxoan, Zlatin senar-emazteek jakin bazekiten kolonia ixteko premia larria zegoela. Apirilaren 1ean, Sabine Montpellierrera joan zen umeen irteera konpontzen saiatzeko. Hilaren 6an, “Udaberriko operazioaren” bezperan, Lyongo Gestapo, bere nagusiaren aginduz, –Klaus Barbie SSko ofiziala– kolonian sartu zen eta han zeuden 44 haur eta 7 helduak eraman zituen, horien artean Miron Zlatin. Haurrik txikiena Albert Bulka (Coco) zen eta 4 urte zituen.

Ezkerretik eskuinera: Marcel Bulka, bere anaia Albert (Coco) eta Alec Bergman. Azken hau sarekada baino atera zen koloniatik eta bizirik atera zen. 1943ko uda © MI -Colección Sucesión Sabine Zlatin
Apirilaren 8an Drancy exparrura sartzean izena eman zuten. Handik, haurrak eta lau heldu Auschwitzera eraman zituzten, eta han hil ziren gas-ganberan. Léa Feldblum zaintzaileak bakarrik iraun zuen bizirik.
Miron Zlatin, Théo Reis eta Arnold Hirsch nerabeekin batera, Baltiko aldera deportatu zituzten. Bidean bi nerabeen arrastoa galdu egin zen. Miron uztailaren 31n fusilatu zuten Revalen (egungo Tallinn).
Bitartean, Sabine haurrekin eta helduekin zer gertatu zen ikertzen saiatu zen, batez ere bere senarrarekin, eta Erresistentziarekin konprometitu zen. Askatzearen ondoren, deportatuen etorrera antolatzeaz arduratu zen Lutetia hotelean, abegi-zentro bihurtu baitzuten. 1945ean itxi ondoren, Parisen gelditu zen bizitzen. Ordutik eta hil zen arte, ahanzturaren aurka borrokatu zen etenik gabe.

1946ko apirilaren 7an jarritako plaka, haurrak ostatu hartzen zuten eraikinean; haur hauen eta 1944ko apirilaren 6ko sarekadaren biktima izan ziren haur eta helduen oroimenez. © Maison d’Izieu
Maison d’Izieun gertatu zenaren memoria berreskuratzeko egindako bide luzean, Klaus Barbieri egindako prozesuak berebiziko garrantzia du. Gerra ostean Klaus Barbiek Ameriketako Inteligentzia Zerbitzuaren (CIA) babesari esker ihes egitea lortu zuen. Hala ere, Serge Klarsfeld abokatua eta Beate bere emaztearen ausardiari esker, Bolivian aurkitu eta Frantziara estraditatzea lortu zuten. 1987ko maiatza eta uztaila bitartean, Lyonen auzipetu zuten. Frantzian epaitutako gizateriaren aurkako lehen krimen kasua izan zen.
Prozesuaren ondoren, Izieun Memorial bat sortzeko ideia sortu zen, François Mitterrand Frantziako Errepublikako presidenteak 1994ko apirilaren 24an inauguratu zuena.
FOSSOLI ESPARRUA
Politika antisemitak bere une gorena lortu zuen Italian esparruen sistema sortu zenean. Guzti hau Italiako Errepublika Sozialak (1943-1945) garatu zuen eta okupatzaile nazien administrazio eta polizia lankidetzak lagunduta judu eta antifaxisten jazarpen, atxiloketa eta deportazio politikaren ondorioa izan zen. Esparru horietako bat Fossolikoa izan zen, Italiako Gobernuak 1943ko abenduan ezarri zuena.

Fossoli, Italiako deportazio esparru nazionala, © Archivio storico comunale di Carpi. CRE
Holokaustotik bizirik atera zen Primo Levi Fossolitik igaro zen, 5.000tik gora arraza eta politiko barneraturekin batera; emakume, haur eta gizonak nazien kontzentrazio eta deusestatze esparruetara bidali zituzten, besteak beste, Auschwitz, Mauthausen, Dachau, Buchenwald, Flossenburg eta Ravensbrück.
Badakit zer esan nahi duen ez itzultzeak.
Alanbre-hesitik zehar
Eguzkia erortzen eta hiltzen ikusi dut;
Haragia urratuta sentitu nuen.
Poeta ohiaren ahotsagatik:
“Eguzkiak erori eta itzul daitezke:
Guk, argi apurra iraungitzean,
Gau amaigabean egin behar dugu lo “
Primo Levi, El ocaso de Fossoli
Fossolin internatua egon zen emakumeetako bat Ada Michelstaedter Marchesini izan zen, geroaro Auschwitzera eraman eta han erail zutena. Bere tragedia azaltzeko, senarrari idatzi zizkion eta bizirik iraun zuten gutunak beharrezko dira. Gutun haietan, Fossoliko esparruko bizitza zelakoa zen kontatzen zuen, distantzia mingarriek, itxaropenak, beldurrak eta ziurgabetasunak markatuta. Azkenekoan, honela zioen:
Nire Beppi, zenbat gustatuko litzaidakeen zu berriz ikustea ni joan aurretik! Zenbat jakin nahiko nukeen gure altxorraz, nire familia osoaz eta zureaz! Hau ez da posible izango eta banoa bihotzean eta pentsamenduan zuek zaituztedalarik, nire maiteok, nork daki itzuliko naizen eta noiz.

Ada Michelstaedter Marchesiniren gutuna, 1944ko uztailaren 31a.
Bigarren Mundu Gerra amaitzean, Esparrua, errefuxiatu atzerritarrei harrera egiteko zentro bihurtu zen, hots, gerrako beste biktima zibil batzuk, hondamendian zegoen Europan zehar noraezean zebiltzaten milioika pertsona.

Atzerritar desatseginen harrera zentroa, 1947. © FF
1947an, antzinako kontzentrazio esparrua, Apostolu Txikien Obrari transferi zioten, Nomadelfia izenaz birbataiatu zutena. Utopia humanitario eta komunitario bat garatzeko toki honetan, elkarteak gerrako biktimarik errugabeenei harrera egin eta etorkizuna bermatu nahi zien. Biktima horrek haurrak, umezurtzak edo abandonatutako haurrak ziren, baita nerabeak ere eta “bokaziozko amen” laguntza izan zuten. 1952an elkartea Grosseto, Fossoli, eta Villaggio San Markora aldatu zenean, Istria eta Dalmaziako errefuxiatuak iritsi ziren eta 1970a arte bizi izan ziren bertan.

Nomadelfia komunitatea, “Non anaitasuna lege den”, 1947. ©FF
Gerraren amaieratik hamarkada batera, eta Askapenaren hamargarren urteurrena zela eta, deportazioaren historia berreskuratzeko bidea hasi zen, familien, antzinako deportatuen eta erakundeen ekimenei esker. 1955ean, Nazien esparruen erakusketa nazionala inauguratu zen, deportazioaren fenomenoa zabaltzeko asmoz egin zen mota horretako lehena Italian.

“Sekula ez kontzentrazio-esparru bat munduan”. Nazien esparruen erakusketa nazionala, Capri, 1955. ©FF
Erakusketa ibiltariak oroimen prozesua berpiztu zuen, deportazioaren oroitzapenari egitura iraunkorra emateko nahia sortuz. Hainbat urtetako lanen ondoren, 1973ko urrian, Capriko Deportatuaren Monumentu Museoa inauguratu zen, mota honetako lehena Italian.

Capriko Deportatuaren Monumentu Museoaren inaugurazioa. © FF
Irekiera hori oroimen sistemaren mugarri garrantzitsua izan zen, eta pixkanaka leku adierazgarrien ezagutzatik abiatuta, hezkuntza-bide bat sortzea ekarri zuen, bai historia ulertzeko, bai iraganari eta garaikidetasunari buruz hausnartzeko. Fossoli Fundazioak ere lan horretan lagundu du 1996an sortu zenetik.
Esloveniako Historia Garaikidearen Museo Nazionala
Historia Garaikidearen Museo Nazionala 1948an ezarri zen Esloveniako Herri Errepublikaren Askapen Nazionalerako Museo gisa. Gerra osteko bisitarien esku herriaren askapenerako borrokaren materialak, gertaerak eta idealak jartzea izan zen bere asmoa eta horretarako erakusketa bat antolatu zen. 1962an, museoak izen berria hartu zuen: Herri Iraultzaren Museoa eta mugimendu komunista, Alderdi Komunista, Esloveniako iraultza herrikoia eta ezarritako sozialismoarekin lotutako materiala biltzen hasi zen. 1980ko hamarkadan, museoak bildutako materialen irismena handitu zuen, XX. mendeko objektu sorta zabalagoa sartuz bere bildumetan.

Partisanoen mediku-poltsa, kirurgia txikirako tresnez osatua, hala nola pintzak, eskalpeloak eta zundak, © MNZS (Partisanoen ekipamendu medikoaren bilduma, 284A9887 eta Sanitetni pribor_01)
Bildumak unitate partisanoetan erabilitako zerbitzu medikoekin eta ospitaleekin lotutako 400 objektu inguru biltzen ditu. Alexander Gale-Peter sendagile partisanoak poltsa hau gerra amaitu arte erabili zuen.


Delo, 3. zka, 1942ko ekaina, Esloveniako Alderdi Komunistaren Batzorde Zentralak argitaratua (ezk.) Prešeren’s Zdravljica, Gorenjskako Askapenerako Frontearen Eskualde Batzordeak argitaratua, 1944 (esk.) © MNZS (Collection of partisan techniques and print shops)
Bigarren Mundu Gerran, partisanoen prentsa borroka kulturalaren matxinadako zati garrantzitsua izan zen. Nazio askapenerako borroka inspiratu zuten eta laguntza morala eman zioten. Legez kanpoko inprimategiek liburuak, liburuxkak eta aldizkako argitalpenak, kartelak, oharrak, okupatzaileen eskuorri eta dokumentu faltsuak eta abar sortu zituzten. Matxinatzeko eskatu zioten jendeari, informazioa eman zieten, irakatsi, gidatu, adoretu eta, zeharka bada ere, bizitzak salbatu zituzten.

Lojze Lavrič eskultoreak sortutako partisanoen txotxongilo antzerkia, © MNZS
Bela Krajina askatu ondoren sortua eta 16 txotxongiloz osatua. Kalean egiten zen propaganda-antzerkiko lehen ikuskizuna, Jurček in trije razbojniki (Jurček eta hiru bide lapurrak) izena zuena. 1944ko Urte Berri bezperan estreinatu zen eta ondoren askatutako lurraldean zehar bira bat egin zuen.

Hezurrezko apaingarriak dituen latorrizko herensugea, Nande Vidmarrek egina Riniccin © MNZS (Collection of objects from the concentration camps and prisions).
Nande Vidmarrek Gonarseko kontzentrazio-esparruan egin zuen obrak, lan errealistak eta dokumentalak biltzen ditu, barneratutakoen bizitza eta kontzentrazio-esparruko erretratu eta irudikapenak esaterako, nagusiki klarionaz eta arkatzez eginak. Barneratutakoek latorrizko eta hezurrezko apaingarriak egiten zituzten tailer batean lan egin zuen Vidmarrek, Riniccin.
Museoak hainbat erakusketa iraunkor ditu, hala nola “Esloveniarrak XX. mendean” edo Bigarren Mundu Gerra eta haren ondorioetara zuzendua. Erakusketa hauetan eta beste batzuetan, objektuez gain, argazki bildumek iraganeko ikuspegi historikoari forma ematen dioten prozesu sozialen erritmoari eustea ahalbidetzen dute.
Gerraren ondoren, bai Jugoslavia bai Eslovenia suntsituta zeuden, eta euren itxaropen bakarra atzerriko laguntzan zegoen eta United nations Relief and Rehabilitation Administration-aren bidez iritsi zen Eslovenian, biztanleriaren % 70ak inguru erakundeak ematen zuen laguntzaren beharra zuen; 1947ko ekainaren 20ra arte iraun zuen.
1994an, Esloveniak bere independentzia lortu eta hiru urtera, Museoari Historia Garaikidearen Museoa izena jarri zioten, bere bildumen eremua are gehiago zabalduz, XX. mendearen hasieratik gaur egunera arte. 2001ean, Historia Garaikidearen Museo Nazionala izendatu zuten.

Infanteria-kanoi alemaniarra, 75 mm-koa, ©MNZS